XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

2.4.1. DOKUMENTAZIO MULTZOA Eremu bakoitzaren barruan, merinalde eta ibarka banatuak, poblazio ezberdinen izenak azaltzen dira, alfabetikoki sailkatuak, bertan sartzen direlarik gaurregun elkarturik dauden lehengo kontzejuak (Erbiti-Orokieta edo Beintza-Labaien, kasu).

Arau honetatik kanpo gelditzen dira behin ere edo oso gutxitan kontzeju izaerarik izan ez zuten auzoak, esaterako Goizueta edo Leitzakoak.

Toki-izen bakoitza idatzizko dokumentazio multzo batekin batera aurkezten da, bertan data eta iturria (artxibategia edo liburua) ezezik, ahozko inkestan lortutako datuak ere aipatzen direlarik.

Azken honetan, izen herrikoien eta, sarritan, berauen deklinabide eta gentilizioaren transkribaketa fonetikoa ere sartzen da.

2.4.2. EUSKAL IZENEN ZERRENDA Leku-izenen zerrendetan, ezkerraldean Instituto nacional de Estadistica delakoaren kodea (edo hau azaltzen ez denean beste partikular bat) eta orain arteko izen ofizial bakarra agertzen da, eta eskuinaldean, euskal izena.

3. AUKERAKETA ERIZPIDEAK 3.1. Aurrerago ikusiko den bezala, oso kontutan hartua izan da euskal hizkuntzaren sistima orokorra.

Alabaina, toponimo bakoitza aparteko kasua da, berezko historia daukana, eta bakarka izan behar da aztertua, inoiz edo behin sistima orokorretik zertxobait urruntzen den arren.

3.2. Orobat, aintzat hartua izan da gaurko hizkuntza mintzatua, batez ere datu historikoekin bat datorrenean.

Esan denez, aldaera laburtuak aintzakotzat hartuak izan dira, baina oso gutxitan baizik ez dira aukeratu; kasu urri hauetan beti bigarren tokian gelditu dira, aldaki osoaren aldamenean adibidez, Olatzagutia/Olazti.

3.3. Dokumentazio zaharrean azaltzen diren leku-izenen artean, bakarrik euskaraz erabili direlako ziurtasuna dagoen kasuak onartu dira, esate baterako, Alesbes, Erriberri, eta abar..

Dokumentaturiko beste aldaera batzuk bereziki argiak dira, aurrekoaz gainera, euskararen arau fonetikoei jarraikitzen zaizkielako.

Argibide gisa Dorre, Labio aipa daitezke, gaurregun bizirik dauden Dorrao eta Ledea-ren ondoan.

Beste batzu arinki baizik ez dira urruntzen erabili ohi den izen ofizialetik (Badoztain, Ezkirotz, Uztarrotz).

Hemen, z-ren ohizko euskal ahoskera mantendu nahi izan da, herskari ahoskabe (t eta k batik bat)-en aurrean, erromantzeak s bihurtzeko joera erakutsi duen kasuetan.

Hau oso garbi dago izen hauetako baten ondoan, beste eskualde batean, baieztatzen duen beste izen bat dagoenean, adibide moduan euskaraz Uztarrotz eta gaztelaniaz Ustarroz deritzan Lizoaingo herria aipa daiteke, aldamenean Erronkariko Uztarroze (erdaraz Uztarroz) homonimoa duela.

3.4. Ezaugarri dialektalak errespetatu nahi izan dira, euskara bizirik zein hilik dagoela.

Horrela gertatzen da Erronkari, Zaraitzu eta inguruko herrien izenekin; hauek -oze-z bukatzen dira, beste eskualde batzutako -otz arruntaren ondoan.

Konparazione, Ezkaroze, Nabaskoze, Bidankoze.

Antzeko zerbait gertatzen da Iguzkitza izenarekin; hemen, ekialdeko euskalkietan ohizkoa den hasierako i bere horretan utzi da, hizkuntza batuan legokiokeen e sartu beharrez.

3.5. Inoiz, toponimo gutxi batzuren kasuan, ez dokumentazio idatziak eta ez ahozkoak ez digute ematen, zehazki, aukeratu den aldaera.

Halaz guztiz, idatziz eta ahoz ongi dokumentaturik, dauden eta hizkuntzaren fonetika arauak errespetatzen dituzten beste izen batzurekiko analogiaz hautetsi da delako izen hori.

3.6. Zenbaitetan, posposizio edo generikoen kasuan, izen erdalduna euskarara irauli da, horretarako oinarritzat beti ohizko euskal hitza hartu delarik.

Esate baterako, Urraulgoiti paratu da Urraul Alto-ren ordain gisa, Eritzegoiti, Ziagoiti, eta Ibargoiti-k ematen diguten ereduari jarraikiz; Ameskoabarren, Ameskoagoien Amescoa Baja eta Alta-ren baliokide bezala, eredutzat Ollobarren eta Ollogoien hartuta.

Orobat, Arreko Trinitatea jarri da, Trinidad de Arre-ren kide gisa, Aginagako Trinitatea oinarri harturik.